Mondragon Taldea eta Bioteknologia
Posted on Nov 11, 2008 under Uncategorized | 5,122 CommentsAurreko post-ean Davidek bonbila piztu arazi ziten eta aurrerago azaldu nahi nuen iniziatiba gaur bertan argitaratzea bide hoberena zela ikusi. Horrela, Mondragon Taldeak bioteknologian duen interesa eta parte-hartzeari buruz hitzegingo dugu.
Sektore berritzaileen artean Mondragon Taldeko azken Zientzi eta Teknologi Planean ondoko sektoreak hartu dira estrategikotzat: energia eta iraunkortasunerako teknologiak eta osasunerako teknologiak. Taldeak duen parte hartzea Biobide bioteknologia enpresan, osasun arloko teknologien barnean sailkatu daiteke.
Biobide S.L. Donostiako teknologia elkartegian aurkitzen da eta sendagai berrien analisi masibo eta automatizatuan espezializatua dagoen enpresa bioteknologikoa da. Iniziatiba honetan erakunde publiko zein pribatuek hartu zuten parte 2006. urtean. Erakunde publikoak Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan ziren eta pribatuak aldiz, Genetrix Taldea eta Mondragon Taldea. Hasierako kapitala 3,3 milioi eurotako izan zen eta Mondragon Taldeak bertan eginiko ekarpena 600 mila eurotakoa. Enpresa-proiektu honen bultzatzaile nagusia Cristina Garmendia Donostiarra izan zen, gaur egun Berrikuntza eta Unibertsitate MInistro dena eta momentu horretan Genetrix Taldeko lehendakaria. Hurrengo post baterako utziko dut emakume honek izan duen ibilbide arrakastatsua.
Ministroaz aparte aipagarria da Juan Carlos Ispizuak duen papera, zientzia aholku batzordeko lehendakari gisa. Ispizua doktorea, nazioartean ezaguna biologian dituen ezagutzengatik, Kaliforniako Salk Institute-n ikerketa talde baten liderra baita.
Ze ekarpen egiten du Biobide enpresak? Zebra arraien bitartez egiten dira analisiak eta Asia hegoekialdeko arrain tropikal honen sekretua dituen geneetan datza (%87ko kointzidentzia gizakiekin). Embrioiak azkar garatzen dira eta gardenak direnez, konposatu ezberdinek organismo bizietan sortutako aldaketak atzeman daitezke. Analisi hauek modu automatizatuan egiten dira, giza-akatsak ekidinez horrela, eta sendagai bat merkaturatzeko beharrezkoak diren 12 urteetako jarduera bizitu egiten da, fidagarritasun maila altuagoak lortuz.
Zergatik hartzen du parte Mondragon Taldeak hemen? Kasu honetan, Genetrix bazkide bioteknologiko bezala kontsideratu daiteke eta Mondragon Taldeak osasungintzarekin lotutako jarduerak sustatzeko estrategia hasi berria duen enpresa-talde garrantzitsu bezala, gaurdaino automatizazioan esperientzia zabala baitu.
Biobide, bi osagai garrantzitsu dituen plataforma teknologiko baten inguruan egituratuta dago: bioteknologia eta automatizazioa. Biek bat egiten dute industriari eta zientzia erakundeei medikamenduen garapen-prozesuan eredu berritzailea eskainiaz. Beraz, bioteknologia eta automatizazioan aurkitu daitezkeen sinergiak aprobetxatzeko sortu da aliantza hau.
Biomedikuntzan barneratu garenez hurrengo post-ean biteknologiaren barnean dauden azpisektore ezberdinak deskribatuko ditugu edo agian Cristina Garmendiaren ibilbidea azteru, motibazioaren arabera…


